Herriak ez du barkatuko

Reseña de «Herriak ez du barkatuko» de Irati Goikoetxea. Editado por Elkar.

Aritz Gorrotxategi
Poeta

Fecha de publicación: 17/07/21

Gurean ez ohikoa den ikuspegian murgildu da Irati Goikoetxea beasaindarra iazko Igartza saria eman zion eleberrian. Izan ere, terrorismoaz eta gatazkaren ondorioez hitz egiten denean, gure literaturan ohituagoak gaude Estatuaren gerraz zikinaz edo etakideen bizipenez jardutera, eta oso bakanetan, aldiz, ETAk eragindako terrorismoaren biktimez. Goikoetxeak biktima horietako bat aukeratu du, Oihana. Duela hogeita bi urte ETAk aita hil zion, berak hemeretzi zeuzkala. Euskalduna eta herrikoa zen (“herrikoa baina ez herria”), baina, nonbait, ez zegoen alderdi politiko egokian. Geroztik, blokeo moduko batean bizi du min hori Oihanek, eta beretzat gorde du urte hauetan guztietan zehar. Neurri batean, esan daiteke dolua ere ukatu diola bere buruari. Min horrekin batera, “susmopekoa” izatearen bakardadea irentsi behar izan du herrian, zeren errudun den argi jakin gabe.

Hain zuzen ere, biktimen testigantzak jasotzen ari den ikerlari baten eskutik, min hori, korapilo hori askatzeko aukera zabalduko zaio Oihanari. Seme-alabak galdezka hasi zaizkio dagoeneko, gehiago jakin nahi dute aitonaz. Batez ere seme nagusiak. Zergatik hil zuten? Zer egin zuen? Ez da erraza, ordea. Nobelan zehar iragana eta oraina gurutzatzen dira, Oihanaren orduko bizipenak eta oraingo zalantzak. Protagonistarekin batera, bere ama eta anaia ere badaude, bakoitza sufrimendua eramateko modu propioarekin.

Minaren koordenada intimoak dira eleberri honen ardatza. Idazleak samurtasunaren bidea aukeratzen du, batez ere alaba txikiari zuzentzen zaionean. Liburuko hizketaldi asko samurtasuna eta xalotasuna berreskuratzeko ahalegin bat dira, gorrotoak kutsatu gabeko gogoetari leiho bat irekitzekoa. Aldi berean, senidetasunaren eta berradiskidetzearen alde egiten du. Indarkeria mota ezberdinen hainbat biktima agertzen zaizkigu, eta elkarren artean enpatizatzeko egiten duten ahalegina azpimarratzen du, argudio ideologiko eta politikoak alde batera utzita. Nor bere sufrimendutik.