Jon Casares
Estudiante de física

Fotografía: María Herreros Ferrer
Horixe litzake duela gutxi arte esango genukeena. Nola izango da posible biharamuneko eguraldia aurresatea? Zeruaren egoera, haizearen norabidea eta tenperatura, besteak beste, probabilitate handiz iragartzea magia hutsa dirudi; baina zientzia esku batean eta analisi sakona bestean hartuz gero, aise ohartuko gara fenomeno guztiak lotuta daudela.
Gaur egun ez dugu batere aintzat hartzen eguraldiaren iragarpena. Guztiok, egunean behin bada ere, mugikorreko eguraldiaren aplikazioara jotzen dugu iragarpena ikustera. Kito, aterkia behar izango dugun edota jertsearen premia dugun argituko dugu; ez du garrantzia handiagorik. Hala ere, iragarpen hori prestatzeko behar izan diren gizadiaren aurrerapausoak ezkutuan geratu dira.
Egunkarian, telebistan, interneten; edonon aurki ditzakegu mapa meteorologikoak: antizikloiz eta depresioz beteriko adierazpen grafikoak, isobarak hemendik eta handik. Badirudi arbuiatu egiten ditugula kontzeptu sakon horiek. Informazio hori guztia eskuratzeko ezinbestekoak izan dira ikerketa eta denbora luzea hainbat alderditan; matematikan, fisikan eta teknologian adibidez.
Gaspard Coriolisek, ingeniari eta matematikari frantseak, 1836an deskribatu zuen Coriolis efektua: edozein objektu sistema birakari batean higitzeagatik jasaten duen indarra. Denok dakigu frankotiratzaile batek bere tiroa egitean desbiazio txiki bat duela, egoera horretan fenomeno horrek du gakoa. Bala arin batean garrantzia badu, pentsa zein nolako ondorioak eduki ditzaken masa handiagodun gorputzetan; airean adibidez. Coriolis jaunak zehaztasun zorrotzarekin azaldu zuen indar horrek atmosferan duen eragina. Goi-presioetako aireak, ipar hemisferioan, orlojuen orratzen norantza bera dute; hego hemisferioan, aldiz, norantza aurkakoa. Behe-depresioekin alderantziko egoera dugu; hegoan erlojuen orratzen norantza jarraitzen dute, iparran norantza kontrakoa ordea.
Gradiente eremua ezinbestekoa da atmosferaren izaera ulertzeko. Mapa estratigrafikoetan oso adierazgarria da kontzeptu matematiko hori. Imagina dezagun antizikloia mendi bat dela; bestalde, depresioa harana dela. Irudian marra itxi asko ikusiko ditugu, lerro bakoitzak altuera berdineko puntuak lotzen dituelarik; meteorologiarekin konparatuz, lerroak isobarak lirateke, presio berdindun puntuen elkarketa. Mendi tontorrean egongo bagina, jaisteko joera edukiko genuke; jokaera bera du aireak, antizikloietatik behe-presioetara baitoaz. Zenbat eta aldapa handiagoa izan, orduan eta jaisteko tendentzia handiagoa dugu, horixe adierazten du gradienteak, aldaketa handieneko guneak. Presioaren gradiente handia isobarak gertu dauden puntuetan daude, hori dela eta, haize-bolada indartsuak izan ohi dira eremu horietan.
Mapa meteorologikoen funtzionamendua ez da batere konplexua baina oso adierazgarria da: presioak txertatu, frenteak non dauden ipini eta masa bero eta hotzak non kokatuta dauden jartzean datza. Baina iragarpenak egiteko informazioa nondik eta nola lortzen da? Gure buruen gainean milaka satelite orbitatzen dabiltza hiru kilometro segundoko abiaduran; informazioa, behaketak, argazkiak etengabe bidaltzen. Informazio hori munduko meteorologia agentzia ezberdinetan lantzen da eta punta-puntako teknologiaz baliatuz lortzen dira mapak.
Estadistika eta probabilitatearen legeak jarraituz, hainbat modelo egiten dituzte ikertzaileek eguraldiaren iragarpenarekin. Lan horiek benetan erabilgarriak eta beharrezkoak bihurtu dira gaur egun, zeren eta meteorologo batek urakana edo uholdea datorrela baldin badaki, biztanleria ohartarazi baidezake eta bizitzak salbatu baiditzake. Beraz, meteorologia eta, hortaz, mapak ezinbestekoak bilakatu dira gizartean.
Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio dutela diote eta egia esan nahiko ados nago baieztapen horrekin. Mapa berdinean, presio guneak, hodeiak, euriak, tenperatura, haizearen norabidea, norantza eta abiadurak adieraztea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Hori dela eta, kontuan eduki beharko genuke hainbeste denboran zehar zientzialari askok alderdi honetan egin duten ekarpena. Eguraldiaren iragarpena hurrengo batean ikusterakoan, gogoan izan dezagun eguzkiz, hodeiz ala euriz beteriko maparen atzean teknologia, matematika eta hainbeste kontzeptu ezberdin daudela.
Denok nahiko genuke ala edo nola etorkizuna ikusi, zer gertatuko den jakin; zoritxarrez fisikikoki ezinezkoa da halakorik egitea. Baina zorte handia dugu, zeren eta gizakion asmamenak erreminta pila asmatzea ahalbidetu baitigu eta meteorologian egin diren aurrerapenak izugarriak dira. Nork daki etorkizunean nolakoak izango diren mapak eta iragarpenak. Neu jakin minez nago.
Debe estar conectado para enviar un comentario.