Imanol Santos García
Maestro y filósofo

Fotografía: María Herreros Ferrer
Gizakiok munduan ikusten ditugun gauzak sailkatzeko eta taxonomia ezberdinak egiteko ohitura garatu dugu urte askotan zehar. Batek daki Aristotelesengandik jasotako sailkapenerako joeraren herentziaren eraginez izan den edo gizakiok munduaren konplexutasun ulertezinari ordenamendu bat emateko ahaleginean garatu dugun zatiketarako joera natural baten isla den; argi dagoena, sailkapen hauek mundua aldatzeko eta gizakion arteko erlazio berriak garatzeko gaitasuna daukatela da.
Sailkapen hauen artean, noski, gizakioi dagozkigun taldekatze mota ugari praktikatu izan ditugu, baina seguruenik haien artean sarraski eta diskriminazio gehien sortu duena, gizakiak mapamundian zehar sakabanatutako “arraza” ezberdinetan sailkatzeko joera izan da. Izan ere, gutako edonork ikusten eta entzuten ditu, gaur egun, arrazakeriarekin lotutako diskriminazio eta biolentzia kasuak, baina, hala ere, gutxi dira sailkapen horretarako erabiltzen diren kategoria ezberdinen azterketa egiten dutenak.
Horregatik, “arraza” bezalako kontzeptu batek eduki ditzakeen ondorio larriak ikusita, “arraza”-ren errealitatearen inguruan galdetu beharrean ikusi nuen neure burua. Nolatan izan daiteke “arraza” kontzeptua kulturalki erlatiboa? Ba al dago errealitatean “arrazei” dagozkien kategoriekin bat egiten duen zatiketa naturalik? Eta egotekotan, desberdintasun horiek esentzialak izango al lirateke?
Begi bistakoa da gaur egungo gizarte ezberdinetan “arraza” kontzeptuak daukan eragin ikaragarria, badirudi gure kosmobisioan oso sustraituta dagoen nozio bat dela, eta askotan, ezberdintasun esentzialak eta biologikoak islatzen dituen sailkapen bat bailitzan erabiltzen da. Hau da, urtetan zehar uste izan da “arraza” egiazki naturan existitzen den sailkapen erreal eta biologiko bati erreferentzia egiteko nozio bat dela, hau da, munduko mapan zehar aurki daitezkeen izaki ezberdinei erreferentzia egin diezaiekeela, eta gaur egun ere, ikuskera horrek abian jarraitzen du pertsona askorengan.
Ikuskera honen aurrean, “arraza” kontzeptuaren benetako izaeraz galdetzeko beharrean ikusten dugu geure burua, izan ere, alde batetik badirudi sozialki eraikitako kontzeptu bat dela, inolako erreferentzia errealik gabea eta kontingentea; baina bestaldetik nolabaiteko zatiketa biologiko erreal bat islatzen duela ere ematen du, gizakiak sailkapen biologiko erreal baten baitan ipiniz. Arrazakeria ekiditeko bidean, onargarriagoa dirudi eraiketa sozialaren ikuspegiak, “arrazen” naturalismoak nolabaiteko arrazakeriarako zilegitasuna ematen baitu. Aldiz, “arraza”-ren ikuspegi naturalistak esparru batzuetan zenbait erabilpen izan ditzakeela ere badirudi, eta ezin dira aspektu hauek alde batera utzi.
Hortaz, konstruktibismoaren eta naturalismoaren arteko borroka bat bezala irudikatu daiteke gaur egungo “arraza”-ren inguruko eztabaida. Bere aldetik konstruktibismoa, naturalismoa baino planteamendu berriagoa da, eta esan daiteke konstruktibismoaren agerpenak “arraza”-ren inguruko ikuspegi askatzaileago bat erakusten duela; “arraza” jada ez da izango kategoria biologiko finko bat, baizik eta guk eraikitako kategoria aldakor eta erlatibo bat. Itxuraz behintzat, “arraza” kategoria eraiki bat izateak, izaera moldagarriagoa eta “fikziozkoagoa»egoztea ahalbidetzen duela ematen du, eta berekin nahi duguna egiteko aukera irekitzen duela. Baina, sozialki eraikia izateak, erraz aldatu daitekeela esan nahi du? Edo ikuspegi naturalistan baino errealtasun gutxiago duen kontzeptu batean bihurtuko litzateke “arraza”?
Arraza, momentu historiko eta testuinguru ezberdinetan esanahi ugari izan dituen kontzeptua da eta gizakiak talde ezberdinetan sailkatu izan dira honen arabera. Sailkapen hauek, gehienetan, modu arbitrarioan egindako sailkapenak izan dira, beste interes batzuen mesedetan, baina James (2012)-k ederki erakusten duen moduan, haiek denak hurrengo bost irizpideetan oinarritzen dituzte beraien banaketak.
Lehenik, arrazek nolabaiteko oinarri biologikoa daukatela suposatzen da arrazen arteko sailkapenak egitean, adibidez, geneak arrazen arteko desberdintzeak egiteko irizpidetzat erabili daitezkeela. Bigarrenik, oinarri biologiko honek, arrazen taldekatze diskretuak sortarazten dituela onartzen da, eta talde hauetan bertako kide guztiek bakarrik konpartitzen dituzten ezaugarri biologikoak agertzen direla. Hirugarrenik, ezaugarritze biologiko hau belaunaldiz belaunaldi transmititzen da, eta behatzaileek indibiduo baten arraza bere arbasoenarekin erlazionatuz jakin dezaketelarik.Laugarrenik, genealogian oinarritutako ikerketak arraza ezberdinen jatorri eta kokapen geografikoak identifikatu ditzake. Azkenik, herentziaren bidez transmititutako oinarri biologikoa fenotipo fisikoen bitartez azaleratzen da, adibidez, azalaren kolorean, begien forman e.a. eta beharbada portaerazko fenotipoetan azaleratzera ere irits daiteke, adibidez, adimen mailan edo delinkuentziarako aurre-disposizioan (James, 2012).
Irizpide hauek kontuan hartzen dituen arrazaren kontzeptu historikoaren inguruko eztabaida, gaur egun zientziaren eta filosofiaren eremuan aurkezten den erronka gogorrenetakoa da. Izan ere, oso zaila gertatzen da arrazen existentzia zientifikoki egiaztatzea, eta haien existentzia egiaztatuz gero, arraza ezberdinen arteko mugak argi uzten dituen klasifikazio diskretu bat aurkezteak ezinezkoa dirudi.
“Arraza” kontzeptuaren sorrera fenomeno moderno bat dela esan daiteke, izan ere, mendebaldean ez dago nozio honen erabilpenaren egiaztapenik VIII. mendea arte. Mundu greko-erromatarrean adibidez, indibiduoen arteko desberdintasun fenotipikoak nabariak ziren eta atzematen zituzten, baina ez zituzten biologikoki desberdindutako giza talde diskretuak oinarritzeko erabiltzen. Horren ordez, afiliazio politikoa eta hiritartasun estatusa erabiltzen zituzten giza taldeak komunitate politiko ezberdinetan banatzeko. Erdi Aroko lehen mendeetan ere, giza taldeen sailkapenak sinestunak eta ez sinestunak zirenen artean egiten ziren, baina ez zen biologian oinarritutako inolako taldekatzerik proposatzen (James, 2012)
Beharbada, mendebaldeko kulturan lehen aldiz arrazaren kontzeptua Iberiar Penintsulan aurkitu daiteke, VIII. mendean Mairuek Andaluzia konkistatu zutenean. Iberiar Penintsula, Judutar, Kristau eta Musulmanen arteko hartu-eman handien existitzen zen eremu geografikoa bihurtu zen. Isabel eta Fernando errege katolikoek, errekonkista ondoren eta honek iraun zuen bitartean, estatu uniformeki kristau bat lortzeari ekin zioten, Musulmana edo Judutarra zen edonor lurraldetik kanporatuz. Orduan, Musulman eta Judutar asko kristautasunera bihurtu ziren, kanporatuak izatea ekiditeko (“conversos”). Hori ikusita, erreinuan, haien arbasoak Mairuen aurka borrokatu zuten Kristauak zirela egiaztatu zezaketen pertsonak bakarrik onartzea erabaki zen. Momentu horretan, odol garbiaren purutasunaren nozioa lehen aldiz agertzen da mendebaldean, nahiz eta oraindik arrazaren kontzeptua espresuki ez adierazi, jada odolezko herentzia kategoria politiko eta erlijiotsu gisa erabiltzen hasten da; arrazaren kontzeptu biologikoaren lehen aztarna bailitzan (Bernasconi eta Lott 2000; Hannaford 1996; Frederikson 2002 / James, 2012-k aipatuta).
Honetaz gain, adituek diotenez, beltzen aurkako eta indigena amerikarren aurkako arrazismoaren lehen sentimenduak eta praktikak ere Iberiar Penintsulan agertu ziren estreinakoz. Lurralde honetan praktikatu zen lehen aldiz afrikarren esklabutza, eta gerora Europa osora hedatu zen, azal iluneko pertsonak lan fisikoak egiteko gai bakarrik zirela uste baitzuten. Zentzu honetan esklabo-merkatari arabiarrengandik influentzia handia jaso zuten iberiarrek, azal ilunena zeukaten esklaboak lan sinpleenetarako erabiltzen baitzituzten eta azal argiagoa zeukaten esklaboak eginbehar konplexuagoetarako. (Blum 2002; Hannaford 1996 / James, 2012-k aipatuta).
Historian zehar eta gaur egun arte, munduko mapan zehar identifikatutzat eman diren giza arrazen artean bereizteko eta horien existentzia defendatzeko hainbat irizpide erabili izan dira. Gehienak fenotipoan (ezaugarri fisiko eta jokaerazkoak) eta genotipoan (informazio genetikoa) oinarritu izan dira, eta jarraian ikusiko dugun moduan, irizpideok erraz gezurtatu daitezkeen aurreiritzietan oinarrituak daude.
Historian zehar, eta gaur egun arte, arrazen existentzia baieztatzeko eta haien artean sailkapenak egiteko erabili izan den irizpide nagusienetako bat ezaugarri morfologiko azalekoetan soilik oinarritzen dena da, hau da, ezaugarri fenotipikoetan oinarritzen dena. “Arrazak” desberdintzeko helburuarekin erabilitako irizpide hau dikotomia zeharo arbitrarioetan oinarritzen da, adibidez, zuri-beltz dikotomian, baina errealitatean bistakoa da ez dagoela bi kategoria hauek modu hain zurrunean desberdintzerik. Izan ere, azalaren kolorea irizpide moduan erabiliz gero, jarraitasun bat existitzen da eremu geografiko ezberdinetan zehar, eguzkiaren eraginez melanina kontzentrazio ezberdinak produzitzen baitira gizakiengan, azal tonalitate askotarikoak sortuz. Beraz, ez litzateke kasu bat bera ere egongo, non gizabanako bat guztiz beltz edo guztiz zuri kontsidera genezakeen. (Rebato, 2012)
Honetaz gain, “arrazen” klasifikaziorako normalean erabili diren irizpide eta kategoria morfologikoak batez ere azalaren kolorean oinarritu izan dira, baina irizpide hau ontzat emanez gero, posiblea izango litzateke “arrazak” sudurraren formagatik, ilearen koloreagatik, altueragatik edo beste edozein ezaugarri morfologikoren arabera bereiztea. Izan ere, azalaren kolorea ezaugarri fenotipiko bat da beste askoren artean, eta azal tonalitate antzekoa izanik ere, bi indibiduok ezaugarri morfologiko oso ezberdinak eduki ditzakete. (Machery, 2013; Rebato, 2012)
Gainera, Robin O. Andreasen(1998)-en testuan ikus daitekeenez, giza “arraza” eta subespeziea sinonimotzat hartuz, ezaugarri fenotipikoetan oinarritutako sailkapen tipologiko bat egitea ezinezkoa da. Izan ere, “arraza” edo subespeziea tipologikoki definitzeko, tipologia horrekiko beharrezkoak, intrintsekoak eta azaltzaileak diren ezaugarriak aurkitu beharko genituzke. Hau da, baldintza hauek betetzen dituzten eta giza talde bateko indibiduo guztietan ageri diren ezaugarri argiak identifikatu beharko genituzke, eta naturan ez da posible horrelakorik aurkitzea.
Beraz, ezaugarri fenotipikoek ez dute inolako oinarri sendorik eskaintzen arrazen artean ezberdintzeko. Gainera, arbitrarioki sortutako dikotomiak historian zehar aldakorrak izan dira. Adibidez, Edouard Machery eta Luc Faucher (2005)-en esanetan, historian zehar, gaur egun “zuriak” kontsideratzen ditugun gizatalde asko “arraza” ezberdineko gisa sailkatu izan direla, Irlandarrak kasu. Honek argi erakusten digu “arrazak» kultura ezberdinetan eta momentu historiko ezberdinetan sortutako eraikuntza sozialak direla.
Bestalde, zientziaren aurrerakuntzek ahalbideturik, “arrazen” artean ezberdintzeko beste irizpide bat erabili izan ohi da azken urteetan; ezaugarri genomikoetan oinarritzen den irizpidea alegia. Honen arabera, arrazak ezberdindu ditzakegu gizatalde ezberdinetako pertsonen informazio genetikoan ikus daitezkeen ezberdintasunetan oinarrituz. Hau da, geografikoki isolaturik egondako giza taldeetan sortu diren gene multzo bereizgarriak identifikatuz. “Arraza” ezberdinen arteko bereizketa egitea posibletzat emango lukete irizpide honen defendatzaileek. Hala ere, planteamendu honek arazo asko aurkitzen ditu, jarraian ikusiko dugun bezala.
Hasteko, azken urteetan eman diren ikerketa ezberdinek erakutsi duten moduan, ez dago korrespondentzia zuzenik gene multzoen eta gerora emango diren proteinen sintesiaren artean, hau da, ezaugarri genomiko eta fenotipikoen artean. Hortaz, inozoa litzateke gene talde konkretu batzuk identifikatu eta giza talde konkretu batean ageri diren ezaugarri morfologikoei lotzea.
Bestetik, Robin O. Andreasen-ek (1998) aurkezten digun moduan, “arraza” nagusi kontsideratuak direnen artean existitzen den bariazio genetikoa, populazio lokalen artean dagoena baino zertxobait handiagoa da. Gainera, giza talde bereko bi indibiduoren arteko ezberdintasun genetikoa, populazio edo “arraza” ezberdinen arteko ezberdintasun genetikoa baina handiagoa da.
Lewontin(1972)-ek burututako ikerketen datuetan oinarrituz, gizakiengan existitzen den ezberdintasun genetikoaren %85 giza talde berdineko indibiduoen artekoa da, %8 “arraza” nagusien barruan kokatutako populazio lokalen artekoa eta gainontzeko %7 “arrazen” artekoa. Honek esan nahi du, “arraza” ezberdinekoak kontsideratzen diren populazioen eta indibiduoen arteko ezberdintasun genetikoa oso txikia dela, izan ere, informazio genetikoaren %99,9 partekatzen dute.
Beraz, ezinezkoa suertatzen da giza talde edo “arraza” ezberdinak modu zurrun eta zehatz batean sailkatzea informazio genetikoa irizpide gisa hartuz, ez baitago behar adina ezberdintasunik haien genoman, eta ezinezkoa baita guztiz “arraza” baten propioak liratekeen gene multzoak aurkitzea talde hartako indibiduo guztietan. Honek ez du esan nahi ez denik gizakien arteko bariazio genetiko eta morfologikorik existitzen, baizik eta “arraza” kategoria ez dela egokiena hauek klasifikatzeko. Hala ere, ez dugu baieztapen hau populazioen naturalismoaren aurkakotzat hartu behar; ezaugarri genomikoen arabera egindako sailkapenek ez baitute kategoria diskreturik osatzen, horren ordez, populazioen filogenian oinarritutako sailkapen lausoagoak osatzen dituzte.
Populazioen naturalismoak, naturalismo arruntak aurkitzen dituen zailtasun ugariei aurre egin nahirik, “arraza” kontzeptuaren baitan egon daitezkeen zenbait taldekatze biologikori atea irekitzen die. Populazioen naturalismoa ez da esentzialista eta ez du kategoria diskretuak osatzen direla esaten, kategoriak populazioei dagozkie eta ez pertsona indibidualei. Horrek esan nahi du, populazio jakin batean errepikatzen diren ezaugarriez hizketan arituko ginatekeela, baina ezaugarriok ez dira populazio horretako indibiduo guztietan agertuko, ez dagozkie indibiduoei.
Populazioen naturalismoak, beraz, nolabaiteko funts biologikoa dauka, genetikari, genealogiari, geografiari eta fenotipoari lotutakoa. Honen arabera, “arraza” kontzeptua epistemologikoki baliagarria izan daiteke zenbait testuinguru murriztutan eta helburu jakin batzuetara zuzenduta, baina inolaz ere “arraza” ezberdinen arteko ustezko ezberdintasun esentzialak justifikatzeko (Dupré, 2006).
Proposamen honi dagokionez, Robin O. Andreasen, Ian Hacking eta Philip Kitcher izan dira populazioen naturalismoaren aldeko apustu sendoenetako bat egin duten autoreak. Hala ere, jarraian azalduko dudan bezala, bakoitza testuinguru konkretu batean agertzen diren ebidentziatan oinarrituko da populazioen naturalismoa defendatzeko, honen justifikazio ezberdinak eskainiz. Dena dela, planteamendu honen defendatzaileek, jarrera normatiboei dagokienez, “arraza”-ren erabilera testuinguru eta praktika oso zehatzetara murrizten dute; “arraza”-ren folk noziorako justifikazio gisa erabil ez dadin.
Populazioen naturalismoaren aldeko argudio egituratu eta argienetako bat Hacking, I. (2005) -ek «Why races still matters»artikuluan aurkeztutakoa da. Bertan, zenbait ebidentzia esperimental hartzen dira oinarri gisa, “arraza” kontzeptuaren erabilpenak testuinguru mugatu eta zehatz batean eduki dezakeen erabilgarritasuna azaltzeko. Horretarako, lehenik eta behin, naturalismo arruntetik urrunduta, populazioen naturalismoak sortu ditzakeen “arraza” kontzeptuaren erabilerak azpimarratzen ditu, baina betiere erabilgarritasun horrek ez du suposatuko ezberdintasun esentzialik dagoenik arrazazko kategoria horien artean.
Atal honen sarreran aurkeztutako John Stuart Mill (1882)-en ekarpena aintzat hartuz, Hacking-ek (2005) dio pentsa daitekeela “arrazak” kategoria superfizialak direla. Izan ere, orokorrean, arrazen arteko taldekatzeak egiten ditugunean, irizpidetzat erabilitako ezaugarriak ez dira esanguratsuak, eta kontingenteki eraikita daudela esan daiteke. Baina, ideia honen aurrean, “arraza” ezberdinen arteko diferentzia batzuk, kontingenteki egindako klasifikazio arbitrarioen oinarritik kanpo daudela agerian gelditzen hasi da, ebidentzia zientifiko ezberdinek erakusten dutenez.
Hala ere, kontuan hartu behar da ez garela geografikoki edo historikoki identifikatutako pertsona taldeez hizketan ari, baizik eta populazioez. Honek esan nahi du, populazio jakin bateko kide batzuek konpartitzen dituzten ezaugarri batzuen inguruan hizketan ari garela, beraz, populazio horretako kide guztiek ez dituzte ezaugarri horiek guztiak edukiko; ez dute kategoria diskreturik osatzen.
Hacking (2005)-ek proposatutako eskeman oinarrituz, populazioei egotzi dakizkiekeen ezaugarrien mailaketa bat egin daiteke, populazio horietako zenbait ezaugarriren azterketa estatistikoa eginez. S. Mill (1882)-en genero superfizial eta genero erreal-aren arteko bereizketari osotasuna emateko, zenbait ñabardura gehitu behar dira ezaugarrien izaera aztertzerakoan. Hona hemen populazioen ezaugarri batek izan ditzakeen izaera ezberdinak:
1.- Ezaugarri bat Estatistikoki Nabarmena (Statistically Significant) da, bere distribuzioa populazio batengan, beste batzuenarekin konparatuz nabarmenki ezberdina bada.
2.- Ezaugarri bat Estatistikoki Esanguratsua (Statistically Meaningful) da, estatistikoki esanguratsua izatearen zergatiaren gutxi-gora-beherako ulermen bat existitzen bada, modu kausal batean.
3.- Ezaugarri bat Estatistikoki Erabilgarria (Statistically Useful) da, berehalako aplikazio praktiko zuzen bat gidatzeko adierazle gisa balio badu.
Adibidez, gaur egun ezaguna da tabakoaren kontsumoaren eta biriketako minbiziaren arteko erlazioa, baina ez dago bien arteko erlazio horren funtzionamenduaren ulermen zehatzik, beraz, erlazioa estatistikoki nabarmena eta estatistikoki erabilgarria dela esan genezake.
Hacking (2005)-ek proposatutako klasifikazio hau “arraza”-ren auzira eramaten badugu, populazioen arteko diferentzia gutxi batzuk hiru irizpideok betetzen dituztela ikus daiteke. Honetaz gain, estatistikoki esanguratsuak ez diren arren, populazioen arteko zenbait ezberdintasun testuinguru konkretuetan oso baliagarriak izan daitezkeela erakusten duten adibide batzuk aurkitu daitezke medikuntzan.
Lehenik, “arraza”-ren arabera bideratutako BiDil izeneko bihotzerako medikamenduaren adibidea ematen du. Medikamendu honekin egindako proben arabera, BiDil-ek jatorri afrikarreko populazio amerikarrean, merkatuko beste edozein medikamenduk baino eraginkortasun handiagoa erakusten du, eta bigarrenik, merkatuko gainontzeko medikamenduek eraginkortasun handiagoa zeukaten gainontzeko populazio amerikarrean, jatorri afrikarreko populazio amerikarrean baino.
BiDil-ek populazio ezberdinengan dauzkan efektuen baitan, medikamenduaren eta populazioen arteko korrelazioa estatistikoki nabarmena eta estatistikoki erabilgarria da. Egia baita jatorri afrikarreko populazio amerikarrean existitzen den medikamenduarekiko korrelazioa kantitate handiagoan ematen dela beste edozein populazioren barruan baino, eta gainera, datu hauek egoera horren aurrean neurri praktikoak hartzeko balio dezakete. Hala ere, inork ez du oso zehazki ulertzen zein den korrelazio horren zergatia eta funtzionamendua, beraz, ez da estatistikoki esanguratsua (Hacking, 2005).
Adibide honek erakusten digunez, populazio jakin baten eta honi egozten zaion ezaugarri baten arteko korrelazioaren zergatia modu kausal batean ulertzen ez bada ere, aplikazio praktikorako erabilgarritasun handia izan dezakete datu hauek. Hala ere, honek ez du esan nahi populazio haien artean diferentzia esentzialik dagoenik.
Leuzemiaren kasua, populazioen arteko ezaugarri bereizgarrien erabileraren beste adibide bat da. Datuen arabera, Amerikan bizi diren jatorri afrikarreko populazioetako pertsonen leuzemia kasuetan, hezur-muin transplanteetarako egokiak diren emaileak aurkitzea gainontzeko populazioetako kideen artean baino zailagoa izaten da. Izan ere, jatorri afrikarreko pertsonek garatutako leuzemiaren antigenoak askoz ere heterogeneoagoak dira. Monogenesiaren teoriarekin bat eginez, jatorri afrikarreko populazioetako pertsonek, Afrikatik kanporako emigrazioa hasi aurretik bertako populazioek zituzten ezaugarriak transmititzen jarraitzen baitute gaur egun ere (Hacking, 2005).
Beraz, leuzemiaren kasuan, giza leuzemiaren antigenoen eta “arraza”-ren arteko erlazioa estatistikoki nabarmena da, frekuentzia handiagoarekin ematen baita populazio jakin batzuetan; estatistikoki esanguratsua da, existitzen den korrelazioaren inguruko nolabaiteko ulermen kausal bat baitaukagu; eta estatistikoki erabilgarria da, hil ala biziko kontuetan hezur-muineko transplanteetarako funtzionamendu fokalizatuagoaren beharra erakusten baitu. Hala eta guztiz ere, “arrazen” inguruan egon daitekeen proposamen kontserbazionista honek ez du inplikatzen populazioen arteko inolako ezberdintasun esentzialik dagoenik (Hacking, 2005).
Hortaz, Hacking (2005)-en lanean ikus daitekeen bezala, S. Mill-en planteamenduan oinarritutako naturalismoak, normalean uste izaten dena baino zeresan handiagoa dauka “arraza”-ri dagozkion zenbait kontutan. Izan ere, medikuntzako testuinguru jakin batzuetan arrazaren kontzeptuaren erabilerak hil hala biziko ezberdintasuna suposa dezake, eta naturalak kontsidera daitezkeen zenbait korrelazioren beharra agerian gelditzen da. Hala ere, S. Mill-ek proposatutako espezie erreala-ren noziotik oso urrun gelditzen da arrazen eta ezaugarrien arteko korrelazio hau; ez baitu inolako ezberdintasun esentzialik denotatzen, eta ez dator bat orokorrean arbitrarioki taldekatzeko erabilitako azaleko ezaugarriekin.
“Arraza” kontzeptuaren inguruko eztabaida honetan jarraitutako argudioetan oinarrituz eta ikuspegi ezberdinak kontuan hartuz, honi dagozkion kontzepzio eta erabilpenen buruzko zenbait konklusio atera ditzakegu:
Lan honen hasieran esan dudan moduan, gizakiok jaiotzetiko sailkapenerako joera bat daukagu, eta joera horretatik eratorritako sailkapenek batzuetan errealitatean edo naturan dauden zatiketak islatzen dituzte. Beste zenbaitetan ordea, arrazazko sailkapenetan bezala, dudagarria da sailkapen horien eta naturaren bat etortzea, beraz, sozialki eraikitako kontzeptuak edo genero naturalak diren argitu beharrean ikusten gara.
“Arraza” kontzeptua kulturalki eta historikoki aldakorra da; ez da derrigorrez leku guztietan agertu izan den sailkapen bat, hau da, kontingentea da. Izan ere, momentu eta leku ezberdinetan ematen diren egoeren konbinaketak “arraza”-ren kontzepzio jakin batzuk eta honi lotutako praktika batzuk sortu ditu. Ondorioz, historian zehar, “arrazen” bidezko sailkapenek diskriminazio eta biolentzia egoerak sortu izan ohi dituzte, eta mota honetako egoerekin bukatzeko intentzioarekin, bistakoa da “arraza”-ren ontologia baten beharra dagoela.
“Arraza”-ren inguruko ikuspegia edozein delarik ere, naturalismoaren aurkako adostasuna erabatekoa da, eta argi gelditu da “arraza”-ren baitan egindako sailkapenek ez dutela gizakiak taldekatzeko baliagarriak diren ezberdintasun esentzialik islatzen taldeen artean. Beraz, ezinezkoa da arrazazko talde diskretu eta naturalak identifikatzea.
Naturalismoaren eta esentzialismoaren ukapena adostu arren, “arrazen” izaerarekiko eztabaidan zenbait ikuspuntu nagusi azaltzen dira. Hasteko, “arraza”-ren inguruko eszeptizismoak dio ez dagoela ezer munduan “arraza”-k erreferentzia egin diezaiokeenik, ez da errealitatean existitzen den zerbait; “arraza” faltsua da. Bestetik, konstruktibismoa deituriko ikuskera dago, zeinaren arabera “arraza” sozialki eraikitako kategoria bat den, errealitate naturalik ez duena, baina errealitate soziala eduki dezakeena. Azkenik, populazioen naturalismoa-ren defendatzaileak daude; zenbait ebidentzia zientifikotan oinarrituta, populazioei (ez indibiduoei) dagozkien ezaugarriak definitzeko balio dezakeen kontzeptu gisa ikusten dute “arraza”, eraikuntza sozialetik kanpo dauden ebidentziak azpimarratuz.
Honekin erlazionaturik, “Arraza”-ren inguruko ikuspegi metafisiko hauetatik zenbait jarrera normatibo posible eratortzen dira. Jarrera hauek kontserbazionismoa eta eliminatibismoa dira, eta terminoaren erabilera praktikoari dagokionez, bien arteko konbinaketa bat proposatzen dut.
Nire proposamena, kontserbazionismo egokitu eta selektibo bat da, non terminoa mantentzearen alde egiten den testuinguru jakin batean izan dezakeen erabilera zehatz eta garrantzitsua kontuan hartuz (eta gainontzeko eremuetan eliminatibismoa mantenduz). Kontserbazionismo hau populazioen naturalismoaren argudio eta ikerketetan oinarritzen da, eta bertatik eratorritako sailkapenak ez datoz bat inondik inora arrazazko folk kategoriekin.
Azkenik, testuinguru zehatzetan ematen den terminoaren erabilerak askotan esparru soziala ere kutsatzen du (Kitcher, 2007). Izan ere, ikerketa horietan parte hartzen ez duten agente ez-espezializatuek, termino espezifiko eta mugatu hori zatiketa konbentzionalak justifikatzeko erabili ohi dute. Hau gertatzen denean, terminoaren erabilerak esparru sozialean izan ditzakeen erabilgarritasunaren eta kaltegarritasunaren araberako ebaluaketa bat egin behar da (Kitcher, 2007). Modu honetan, esparru sozialean kalte handiak sortzen eta erabilgarritasun gutxi erakusten duten ikerketa adarrak alde batera utziz. Hortaz, “arraza” terminoaren erabilera oso zehatza eta testuinguru bati lotua izan beharko da, ez da onargarria izango egunerokotasuneko azaleko sailkapenetan.
Horretaz gain, muga pragmatiko zorrotz eta sendo batzuk beharrezkoak dira, terminook arrazakeriarako tresna moduan erabiliak izatea ekiditeko. Izan ere, zenbait ikerketan garrantzizkoak diren arrazazko sailkapenek kalte sozial handiak sortzen badituzte, ikerketa horiek eduki dezaketen garrantziaren eta sortzen dituzten ondorio negatiboen ebaluaketa bat egin beharko da; kasu gehienetan ikerketa alde batera utzi behar dela ikusiz. Beraz, “arraza” terminoa ikerketa esparru oso zehatzetan mantentzeko ere, ezinbesteko baldintza izango da esparru sozialean sortu ditzakeen ondorio larrien eta ikerketa esparru horrek daukan erabilgarritasun edo garrantziaren balantze bat egitea.
Bibliografía, notas y fuentes:
Andreasen, Robin O. (1998), “A New Perspective on the Race Debate”, British Journal of Philosophy and Science, 49., 199-225.
Dupré, John, (2006), “Raza y género”, in El Legado de Darwin, Buenos Aires: Katz Editores.
Hacking, Ian (2005), “Why race still matters”, Daedalus, Winter, 102-116.
James, Michael, (2012), «Race», The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Winter),
Edward N. Zalta (ed.), URL = <http://plato.stanford.edu/archives/win2012/entries/race/>.
Kitcher, Philip (2007), “Does ‘race’ Have a Future?”, Philosophy & Public Affairs 35, (4): 293-317
Lewontin, Richard (1972), «The Apportionment of Human Diversity», Evolutionary Biology, (6): 391–398
Machery, Edouard, eta Luc, Faucher (2005), “Why Do We Think Racially? Culture, Evolution and Cognition”, in Henri Cohen and Claire Lefebvre (eds.), Categorization in Cognitive Science. Amsterdam: Elsevier, 1009–1033 or.
Mill, J. Stuart, (1882), A System of Logic, Ratiocinative and Inductive, Harpers & Brothers, Publishers: New York.
Ikus entzunezko baliabideak:
Rebato, Esther, (2012), 2014ko otsailean ikusia:
http://www.euskonews.com/0636zbk/elkar_es.html
Machery, Edouard, (2013), 2014ko otsailean ikusia:
Debe estar conectado para enviar un comentario.