Poesía de Martin Bidaur

Triptikoa eta Post-Data

I

gutun ziren hitzok
inork inori inondik inora
helarazteko idatziak
 
galdatzen didazu
kontzeptu bat definitzeko
izatearen arrazoia argitzeko
 
hitz ustelak baino ez zaizkit geratzen
hezetasunean eta iluntasunean
hazten eta ugaltzen direnetakoak
 
helbideak oro galdu ditut
badaezpadako igorle naiz orain
okerreko hartzailedun poema batena

II

ez dizut kontatu
katagorriak ikusi nituela
parkeko zuhaitzetan
haurren eskuetatik jaten
 
hamarnaka ehunka milaka uso ere ikusi nuen
agure baten bueltan pilatzen
urmaeletik zetozen harengana
igerian ahateak eta antzarak
agurearen eskuetatik
jausitako papurrek deituta
 
hegazti batzar horren ertzean
bele bat zuhaitz bateko adar batean
pausatuta
bakarrik
zain
zaindari
 
beleari eguzki-kontra
ateratako argazkia
erakutsi nizun
 
murtik ere ez
katagorriez haurrez
usoez agureaz
ahateez antzarez
egurrezko bankuan jesarrita
bazkaltzen ari ziren eskaleez
familiez bikote bakartiez
iluntzen ari zen zeruaz tristuraz
 
laino arteko eguzkiaz
honen itzaletako beleaz baizik
ez nintzen mintzatu
eta zuk esan zenidan
 
goiza lanean igaro zenuela
lan egiten saiatzen

III

absentziaz oroitzea
absentziak hartzen du zure tokia
absentziaz oroitzea
zigarreta azalean amatatzea da
 
plazeraren uberan datza
hustasunak egonezinak
oroitzapenak zauri dira
sendatzen utzi ezean

IV (post-data)

gure demonioak ez datoz
DSM-5ean zerrendatuta
 
hitzak ezin gertura daitezke
azalpean jazotzen den anabasara
 
nire baitarakoa da hustasuna
gutun hau bertan galtzen da