– Gipuzkoako Ateneoak antolatutako jardunaldiaren laburpena (31/03/25) –
Aritz Gorrotxategi
Poeta
Fecha de publicación: 08/04/25
Poesia eta jainkoak
Jainkoen eta heroien kondairak memoria historikoaren adierazpen goiztiar bat dira. María Zambranok zioen kultura baten kalitatea bere jainkoen araberakoa dela. Homeroren Iliadan eta Odisean agertzen diren jainkoez eta heroiez ari bagara, garbi dago Antzinako Greziaren kultur ondarea maila handikoa eta itzal luzekoa dela. Jainkoen gurtzaren atzetik ia beti zegoen iraganari erreferentzia egiten zion azalpen narratiboren bat. K. a. V. mendean bizi izan zen Herodotok esan zuen Homerok eta Hesiodok oparitu zietela greziarrei jainkoen ideia.
Kondaira haien adierazpen moldea poesia izan zen. Poesiaren bidez iritsi dira guganaino. Neurtitzak berezko erritmoa ematen dio kontakizunari, eta, gainera, memorizazio-lana errazteko balio du. Garai hartako entzuleek ondo ezagutzen zituzten jainkoen eta heroien arteko istorio horiek, eta modu ederrean kontatzea nahi zuten. Eta kontalariak orduko aedoak eta rapsodak ziren. Aedoek musika-tresna baten laguntzarekin kantatzen zituzten ezagunak ziren epopeiak. Rapsodek, berriz, eurek asmatutako konposizioak jartzen zituzten neurtitzetan, eta makulu baten laguntzarekin errezitatzen zituzten, makulu kolpeekin erritmoa markatzeko.
Denok dakigu haur txikiak ez direla nekatzen istorio bera behin eta berriz entzuteaz. Istorioaren argumentuan ez ezik, kontatzeko moduan eta xehetasunetan ere jartzen dute arreta. Antzera imajina ditzakegu garai hartako greziar haiek, haur baten liluramendu berberarekin entzuten Heraklesen balentriak edo Akilesen garaipenak. Izan ere, haurrek garrantzi handia ematen diote behin eta berriz itzultzen diren hitz berberei, haurrak entzuleak direlako irakurleak baino, antzinateko publikoa bezala.
Ahozkotasuna eta letra idatzia, iluntasuna eta argia
Iliada eta Odisea dira Mendebaldeko lehen lan idatziak. Ordu arte, pentsa dezakegunez, ahoz transmititzen zen ezagutza. Badakigu, halaber, Platonek errezeloz ikusten zituela poetak; are errezelo handiagoz letra idatzia. Ion izenburuko elkarrizketan esan zuen poeten jakinduria maileguan jasotakoa zela, poetek berek onartzen baitzuten musa zela beren ahoetatik hitz egiten zuena. Hortaz, haien ezagutza bigarren eskukoa zen, mailegatua. Platonek ordu arteko ezagutzaren paradigma irauli nahi zuen, eta logosa erdigune bihurtu. Eta poetak ziren mito bidezko jakinduriaren transmisore nagusiak. Ahozkotasunari eta letra idatziari dagokionez, antzeko argudio bat zuen, letra idatzia bigarren mailako ezagutza bat zela, mailegatua. Hala ere, letra idatziari esker jaso ahal izan dugu iraganaren memoria, eta historiak erakutsi digu zein garrantzitsuak diren liburuak, erreak izateko bezain garrantzitsuak.
Adituen ustez, K.a. VIII. mende inguruan idatzi ziren Iliada eta Odisea. Une horretan ireki zen kanpoaldera greziar mundua. XIX. mendera arte uste zabaldua zen Antzinako Grezia Homerorekin jaio zela. Berarekin hasi zen argia, gau luze eta ilun baten ondoren. Mundua ilunpetan zegoen, eta berak argitu zuen bere kantuarekin. Homero kantuan hasi zenean, mendebaldeko zibilizazioaren makineria martxan jarri zen, eta gaur egun ere dena martxan jarri zuen rapsoda horren poesia epikoari lotuta jarraitzen dugu neurri handi batean. Baina baziren poetak Homeroren aurretik (Olen, Pamfo, Siagro, Palamedes…), baita zibilizazio aurreratuak ere (minoikoa, mizenikoa). Heinrich Schliemannek Troia izan zenaren hondakinak topatu zituenean, aurkitutako mundu hari mizenikoa deitu zitzaion. Eta aurrekari gisa, zibilizazio minoikoa ere aipa genezake. Baina kolapso moduko bat egon zen, eta Brontze Aro Berantiarrean indartsu agertu zen Egeo itsasoko eta Anatoliako ekonomia palatinoa desegin egin zen. Desegite horren ondorioz, Aro Ilun moduko bat etorri zen, herri isolatu eta kultura txiki ugarirekin.
Ilunaldi horren ondotik, dinamismoa, berrikuntza politikoa eta kultur loraldia etorri ziren, eta eklosio horren erdian agertu ziren Iliada eta Odisea, Homero izeneko batek idatziak. Baina nor zen Homero? Dakigun bakarra da ez dakigula ezer hartaz. Iliada eta Odisearen aurretik zegoen iluntasun horren material berberez egina dirudi. Eta orduko greziarrei Homerorekiko jakin-mina piztu zitzaienerako, ez zen hari buruzko daturik geratzen. Hartaz dakigun apurra gehiago dago kondairan oinarrituta, froga ukigarritan baino.
Etimologiari kasu egitera, Homeros izena Homaros eolikoaren aldaera joniko bat izan daiteke. “Gatibua”, “bahia” edo “bermea” esan nahi du. Teoria baten arabera, Homeridak zeritzon poeten elkarte batetik dator izena, eta hitzez hitz “bahituen seme-alabak” esan nahi du; hau da, gerrako presoen ondorengoak. Gizon horien leialtasuna kolokan zegoenez, ez zituzten gerrara bidaltzen. Eta artean literatura propio idatzirik ez zegoenez, ondorengo horiei bertako poesia epikoa eta, horrekin batera, iraganeko gertaerak gogoratzeko lana ematen zitzaien. Beste teoria baten arabera, Homeros “ho me horón“ esapidetik eratorritako hitz-joko bat izan daiteke, hau da: “ikusten ez duena”. Hortik Homeroren itsutasunaren kondaira.
Kontuak kontu, badakigu rapsoda errari eta itsu gisa irudikatzen zutela, eta herrialde batek baino gehiagok aldarrikatu zuela haren jaiotze-lekua izatea. Bere olerki epikoak kantatzen zituen, eta berdin ezagutzen zituen plazak eta azokak nahiz jauregietako afari oparoak. Baina ez dakigu benetan itsua ote zen, ezta benetan non jaio zen ere. Hizkuntzak, arkeologiak eta historiak iradokitzen dizkiguten osagaiei kasu eginez gero, ondoriozta dezakegu Iliada eta Odisea K.a 725. urte inguruan agertu zirela Asia Txikiko kostaldearen kokaguneren batean edo Egeoko uharteetan. Iliada idatzi zela aurrena, eta Odisea ondotik, ia belaunaldi bateko tartearekin. Formalki antzekotasun eta koherentzia handia badute ere, mundu ikuspegi aski ezberdinak islatzen dituzte. Testu horiek berehala egin zuten bidea, nonahi irakurtzen eta kantatzen ziren, eta irakaskuntzan ezinbesteko bihurtu ziren.
Homeroren auzia
Zalantzarik gabe, harrigarria da Iliadaren ia 16.000 bertsoak edo Odisearen 12.000tik gorakoak kantatzeko gai zen pertsona baten sormen- eta oroimen-gaitasuna. Olerkiaren luzerak errezeloak piz zitzakeen egiletzaren inguruan, baina ez zen horrela izan. Adituek ikusten zuten bazirela inkoherentziak bi poemen ekintzetan (hilik dagoen gerlari bat berriro agertzen da bizirik aurrerago etab…). Esate baterako, Ayax eta Eneas aurrez aurre daudenean, ordu arte akeoen aldekoa izan den Poseidon jainkoak troiarren alde egiten du bat-batean. Era berean, Iliadaren X. atala geroago txertatutzat jotzen zuten Antzinatetik. Baina kontraesan horietatik inork ez zuen ondorioztatu egilea Homero ez zenik. Akaso, jatorri ezberdineko piezak landu eta josi zituela.
XVII. mendetik aurrera, Homerok planteatzen zituen arazoak “auzi homerikoa” deiturikoan gauzatu ziren. 1616an, Disertation sur L`Iliade laneanFrançois Hédelin Aubignaceko abadeak esan zuen Homerori egotzitako bi poema handiak jatorri desberdineko lanen muntaketaren emaitza zirela, eta horrek azaltzen zituela ordu arteko inkongruentzia ugariak, estilo gorabeherak eta aldaera desberdinak. 1779an, Aristarkoren zeinu kritikoak zituen eskuizkribu bizantziar bat topatu zuten. 1794ean, eskuizkribu hori oinarri hartuta, Friedrich August Wolf-ek zalantzan jarri zuen egiletza bakarraren teoria Prolegomena lanean, eta egile edo berregile bat baino gehiago zeudela adierazi zuen.
Eztabaidak luze jarraitu zuen. Ulertzekoa denez, Homero egile asko zirela pentsatze hutsak bertigoa eragiten zuen. XX. mendearen hasieran Milman Parry estatubatuarrak Balkanetako ohiko ahozko tradizio epikoa ikertu eta fonografo bidez grabatu zuen (Ismail Kadarek Parryren ikerketan oinarritu zuen bere H dosierra eleberri zoragarria, non ahozkotasunari buruzko ikerketa espioitza nobela absurdo batekin nahasten den). Eta ikusi zuen rapsodak alfabetatu gabeak izan zitezkeela, baina haien gaitasun poetiko mnemotekniko ikaragarriari esker, gai izan zitezkeela milaka bertsoko poema epikoak sortzeko eta moldatzeko. Alegia, Homero egile bakartzat jo dezakegula, baina aldez aurretik beste batzuek landutako pasarteak elkartu zituela agian. Erudizio homerikoaren Darwin deitu zioten Parryri, jainkoa tximu bihurtu zuen gizona alegia. Baina, esan daiteke, gehiago zela Homeroren Gauguin edo Stravinskya, eta tradizio klasikoak ikusten jakin ez zuen edertasun moduko bat aurkitu zuela. Parryrentzat Afrikako totem bat edo Polinesiako maskara bat bezain ederra izan zitekeen Homero. Gaur egun, auzia erdi itxita dago. Gehienek egile bakartzat jotzen dute Homero, bildumagiletzat alegia, baina badira oraindik Wolfen hipotesiari eusten diotenak ere. Borgesek, berriz, honela konpondu zuen auzia: Homero, edo Homero hitzak izendatzen duen greziar mordoa.
Nolanahi ere, Homeroren auzia ez da egiletza indibidual edo kolektiboan agortzen, zenbaitek zalantzan ere jartzen baitu haren sexu-generoa bera, hain zuzen ere Odisearen kasuan. Jada XVIII. mendean Richard Bentleyk esan zuen iliadak gizonentzat idatzi zituela Homerok, eta odiseak, berriz, emakumeentzat. Viktoriar garaian, Samuel Butler idazleak argudiatu zuen Odisearen egilea emakume bat izan zitekeela, Siziliako Trapani hiriko neska bat, akaso, emakumeak zehaztasun ikaragarriz deskribatzen dituelako eta haiekiko enpatia berezia erakusten duelako. Hamarkada batzuk geroago, Robert Gravesek, Ni, Klaudio liburuaren egileak, Butlerren eskularrua hartu eta Homeroren alaba eleberria idatzi zuen. Bertan, poema epikoaren benetako egile gisa Nausikaa jartzen du, feaziarren kostaldean hondoratutako Ulisesi harrera egiten dion pertsonaia. Arestian esan bezala, Iliadak eta Odiseak balio desberdinak dituzten bi mundu erakusten dituzte. Iliadan, balio gorena gerlariaren ohorea da, gudu-zelaian duen jokabidea. Odisean, berriz, Ulises biziraule amarrutsu bat da, aurrera egiteko bere zorroztasuna eta Atenearen laguntza baliatzen dituena. Jainkoen jarrera bera desberdina da ere bi obretan. Iliadan lehian ari dira beren artean. Odisean, berriz, jainkoen hasierako batzarra kenduta (non, harrigarriki, denak ados dauden, Poseidon izan ezik), Atenea bakarrik agertzen da, Ulisesen aingeru zaintzaile edo maitagarri gisa. Zentzu horretan, Iliada baino askoz modernoagoa eta hurbilagoa da Odisea. Nabarmentzekoa da, halaber, emakumeen presentzia nabarmena azken horretan: Penelope, Kalipso ninfa, Nausikaa, Zirze… Denak nortasun profil propio eta bereiziarekin, Iliadan ez bezala. Gogoan izan Iliadako emakumeak: Helena, Briseida, Andromaka, Kasandra, Hekuba. Ez hori bakarrik, deigarria ere bada emakumezko neskameen presentzia eta duten garrantzia, baita zein arretaz deskribatzen dituen Homerok ere (Euriklea, Euristea…).
Adibidez, VII. liburuan, 65. bertsotik aurrera, Ateneak esaten dio Ulisesi Arete-ren onberatasuna lortzeko, hori baita beretarrak ikusteko duen esperantza bakarra, emakumearen bihotza irabaztea. Horrelako zerbait pentsaezina da Iliadan.
Neurri handi batean, mundua bitan banatzen da: iliadazaleak eta odiseazaleak. Eta badira biak antzera maite dituztenak ere. Aldeak alde eta zaletasunak zaletasun, Homeroren gizatasunak ez du lokarririk ez kortserik onartzen, gizakia bere dimentsio historiko aldakorrean eta, aldi berean, bere azpi-azpiko mami aldaezinean aurkezten digu. Odisearen euskarazko bertsioaren itzultzaile Matías Múgicak gogorarazten digun bezala, azken batez, Homeroren irakurketak bi gauza ematen dizkigu ikustera, txit esanguratsuak biak: zenbateraino aldatu garen, eta zenbateraino ez garen batere aldatu.
Horrela, pixkanaka-pixkanaka, XXI. menderaino heldu zaigu Ulises, ubera gisa tradizio literario oparoa utziz. Egile askok jo dute Homeroren lanera, edo itzuli dira harengana. Berarekin hasi zen dena, eta ia dena asmatu zuen duela ia hiru mila urte.
Goetheren ustez, Europak, Bibliaren ordez, Iliada eta Odisea hartu izan balitu bere Eskritura Santutzat, oro har oso bestelako historia eta hobea izango zukeen.
