Li Bai

Urrutik datorren arnas hilezkorra

Pello Otxoteko
Escritor

Fecha de publicación: 08/07/25

Li Bai (701-762), «poeta hilezkorra» bezala ezagutua, Tang dinastiako txinatar poesia klasikoaren gailurra da. Izen ezberdinez ezaguna egin da, esaterako Li Bo, Li Po, Li Taibai, edo Li T’aipo, baina egun Li Bai da izenik onartuena nazio artean eta baita Txinan ere. Bere obra, gordetako bederatziehun bat poemaz osatua -horietako askok autoretza eztabaidatua izan arren-, espiritu erromantiko, taoista eta alderraia laburbiltzen du, eta bere lanen kalitatea literatur ikono bihurtu zuen. Bere lanak bere garaiko eta kulturako mugak gainditu ditu, eta arrasto sakona utzi du munduko literaturan.

Asia erdialdean jaio zen -Kirgizistan gaur egun-, eta Li Baik Sichuanen eman zuen bere gaztaroa, Txinan barrena bere ikuspegi poetikoa moldatu zuten bidaiak hasi aurretik. Bere bizitza bat etorri zen Tang dinastiaren distira kulturalarekin, baina baita An Lushanen matxinadarekin ere (755-763), garai hartako gainbehera politikoa eragin zuena. Li Baik bere poesian, -Du Fu bere garaikideak ez bezala, izan ere Du Furen lanak errealismo soziala islatzen baitu-, gehiegizko irudimena eta kosmosarekiko lotura lehenetsi zituen, eta izaera honetako estiloa landu zuen batez ere naturari lotutako gaiak aukeratuta. Oro har, Li Bairen poesia bere askatasun formalagatik eta sinkretismo filosofikoagatik bereizten da.

Era berean, kontutan hartu behar da Li Bairen zenbait poeta garaikidek eragina izan zutela haren obran, bai zuzeneko harremanagatik, bai Tang dinastiaren testuinguru literario eta kulturalagatik. Tang dinastia, hain zuzen ere, Txinako poesiaren urrezko arotzat jotzen da. Dinastia honetako poetarik garrantzitsuenak Wang Wei, Du Fu eta Meng Haoran izan ziren Li Bairekin batera.

Du Fu, Li Bairen garaikiderik garrantzitsuena eta hurbilena izan zen. Elkar ezagutu zuten eta elkar miretsi zuten. Du Fuk Li Bairen talentua goraipatu zuen hainbat poematan eta, bere estiloak desberdinak ziren arren -Du Fuk errealismo sozialera eta hausnarketa historikora jotzen zuen, Li Bai irudimentsuagoa eta erromantikoagoa zen bitartean-, gai eta forma poetikoak partekatu zituzten, naturaren esplorazioan, bizitza alderraian eta idealismo literarioan elkarri eraginez.

Li Bairen obra poetiko zoragarri bezain berezira hurbiltzeak, hasteko, ia ezinezkoa dirudi. Gaurko eta VIII. mendeko sentsibilitateen tarteari, hau da, bi aldi hain urruneko denbora-tarteari espazioarena ere gehitu behar zaio: obra gure tradizioari arrotza zaion kultura batean adierazia baitago eta, geografikoki ere, gurearekin zerikusirik ez duen leku batean sortua da. Gure ikusmoldearen ondoan oso urrunak diren aurreiritzi eta oinarri estetikoak ditu; errealitatea oso bestela ulertzen du; eta errealitate hori doinu eta itxura oso bestelakoak dituen hizkuntza batean ematen du. Bigarren zailtasun horrek –lehena baino gogorragoa zinez- irakurtze hutsa ekintza heroiko bihurtzen du zailaren zailaz, eta irakurzalea irakurketa bertan behera uztera eraman lezake, hain zuzen zeregin lortezina delako eta, era berean, alferrikakoa bihurtzen duelako itzulpen zehatza egitea mendebaldekoa edozein hizkuntzatan.

Li Bairen lan poetikoaren itzala

Li Bairen poesiaren ezaugarriak, Tang dinastiaren barruan bereziki bereizten dutenak, nabarmenak dira bai bere estiloagatik, bai bere gai eta espiritu sortzaileagatik, garaiko beste poeta handi batzuekin alderatuta, Du Fu kasu. Li Bai ospetsua da bere irudimen bitxiagatik eta irudi fantastikoen erabileragatik, askotan taoismoaren eraginez sortuak eta eratorriak baitira. Hain zuzen ere, eta taoismoaren eraginagatik, estilo espontaneoa, naturarekiko maitasuna eta poesiaren bidez hilezkortasuna bilatzea izan ziren. Bere poemek lotura sakona islatzen dute mundu naturalarekin, bizitzeko pozarekin eta, batzuetan baita ere, malenkoniarekin. Taoismoak, gaietan ez ezik (hilezkortasuna bilatzea, naturarekin bat egitea), berezko bizitzeko modu eta tonuan, eta mistikotasunaren bilaketan ere bustitzen du bere poesia. Bere poema askok mendi igoerak kontatzen dituzte, jainkotiar eta betierekotasunera bidaia imaginario bihurtzen direnak. Beste gai ohikoak bere poesian alkoholaren ingurukoak dira, lagunen arteko agurrak, maitasunaren ingurukoak eta gudua deskribatzen dutenak. Adierazpide aske eta emozional hori erreferente izan da mendebaldeko eta beste kultura batzuetako poeta askorentzat, beren lanean benetakotasun eta sentsibilitate artistikoaren adibide bat bilatu baitute.

Bere poemek berehalako errealitatea gainditzen dute, transzendentziaren, paisaia zerutiarren eta bidaia onirikoen ikuspegiak txertatuz, eta horrek bere garaikideen poesian oso ohikoa ez den harridura eta alaitasun kutsua ematen die. Badirudi batzuetan haur baten ikuspegitik aztertzen ari dela mundua.

Beste poeta batzuek ez bezala, Li Bairen poemek lurrin eta atmosfera subjektibo sendoa dute: bere bertsoek sentimendu heroiko eta grinatsuak adierazten dituzte, errealitatearen deskribapen objektiboan baino gehiago bere barne munduan zentratuz. Bere izaera neurrigabea eta nortasun harro eta independentea islatzen dira bere poemen freskuran, eta berehalako indarra igortzen dute.

Li Bai erromantizismoaren adierazle nagusitzat jotzen da Tang poesian, Du Fu bezalako beste batzuek errealismoa irudikatzen duten bitartean. Bere lanak gogo bizia, baikortasuna eta askatasun zentzua transmititzen ditu, baita gorte inperialeko zoritxar edo porrotaren aurrean ere. Li Baik darabiltzan beste gai batzuk grina unibertsalei lotuak daude: aldiaren iragaiteari, adiskidetasunari, banantzearen saminari, gerratearen doilorkeriari, naturaren kontenplazioari, horditzearen onurei… Eta hortxe dago haren arrakastaren gakoa. Eta horri guztiari gaineratu ezinik ez dago autoreak berak duen nolabaiteko exotikotasuna; harrigarriro, irakurketa zaildu egiten duen exotikotasun hori bera bihurtzen da irakurzaletasunaren sustatzailerik deigarriena ere. Dena dela, exotismo hori kalterako ere izan daiteke, nire ustez, bizitasun eta indar paregabea duen ondare kulturalaren irudi geldo eta naturaltasunik gabea eman dezakeelako. Horregatik guztiagatik behin eta berriro irakurketa alferrak saihesten laguntzeko, txinako estetika eta poetikak gidatzen eta zuzentzen dituzten oinarrizko argibide batzuk edukitzea komenigarria izan ohi da, ondoren, Li Bairen poesian murgiltzean, irakurleari lagungarri gerta dakizkion.

Forma edota neurri aldetik, esan dezakegu sorkuntza poetikoan sekulako eferbeszentzia zegoen garaian bizi izan zela, jinti “estilo berriko” piezak poesia klasiko nagusi bihurtu zituzten arau formal berriak kristalizatu zituztenean. Estilo horretan oreka baloratzen da, bai formari dagokionez, bai edukiari dagokionez, kondentsazioa eta iradokitzeko ahalmena, sotiltasun jakintsuan zein sinpletasun zorrotzagoan oinarrituta.

Li Baik lüshi (bertso arautua) eta jueju (laukotea) bezalako forma klasikoak menperatu bazituen ere (jinti-aren bariazio bat), bereziki nabarmendu zen gushi-an (antzinako estiloko poema), askatasun metriko eta adierazkor handiagoa ahalbidetzen duena. Bere birtuosismo teknikoa bere hizkuntzaren jariakortasunean eta dotoretasunean islatzen da, baita aurreko tradizio poetikoak originaltasunik galdu gabe egokitzeko eta biziberritzeko duen gaitasunean ere.

Li Bairen garrantzia Tang dinastian

Tang dinastia Txinako literaturan urrezko aroa kontsideratua izan da. Garai honetan literatura bere mailarik gorenera iritsi zen, poesian batez ere. Poeta emankor, bikain eta guztiz distiratsuak sortu ziren garai honetan, hala nola, Li Bai, Wang Wei, Meng Haoran eta Du Fu. Baina Li Bai bereziki punturik garaienean kokatzen da, eta mendebaldean ekialdeko poeta ezagunena da.

Li Bai oso figura garrantzitsua izan zen Txinako Tang dinastian. Txinako historian garrantzi handienetako poetatzat jotzen da, eta bere lanak eragin iraunkorra izan du herrialde honetako literaturan eta kulturan. Bere poesiaren ezaugarri nagusiak, lehen esan bezala, edertasuna, sentiberatasuna eta naturaren esentzia eta giza emozioak atzematea dira.

Tang dinastia loraldi kultural handiko garaia izan zen, eta Li Baik ekarpen nabarmena egin zion ondare horri bere talentu eta sormenarekin. Haren ondarea bizirik dago gaur egun, Txinako poesiaren eta kulturaren zale asko inspiratzen baititu.

Li Bairen eragina literatura unibertsalean

Li Bairen estiloa eta gaia inspirazio iturri izan dira poeta askotan, baita beste arte motako ezaugarri eta izaera anitzeko espresio bideetan ere. Adibidez, Li Bairen eragina ikus daiteke XIX. mendeko Europako poesia erromantikoan, non sentimenduen gorespena eta natura gai nagusi bihurtu ziren. William Wordsworth eta Percy Shelley poetek miretsi egin zuten Li Bairen gaitasuna mundu naturalaren edertasuna ulertzeko eta sinpleki eta sakon transmititzeko. Li Baik sustatu zuen askatasun sortzailearen eta naturarekiko loturaren ideiak oihartzun handia izan zuen egile horiengan, eta poesiaren bidez beren emoziorik zintzoenak adieraztea ere bilatu zuten.

Argi dago Li Bairen eraginaren alderdi nabarmenetako bat bere gaien unibertsaltasuna dela. Zoriontasunaren bilaketa, hilkortasunari buruzko hausnarketa, naturarekiko maitasuna eta transzendentziarako nahia kulturak eta garaiak gainditzen dituzten ideiak dira. Horri esker, bere obra hizkuntza askotara itzuli eta hainbat literatur tradiziotan txertatu da.

Literatura moderno eta garaikidean, herrialde ezberdinetako autoreek antzeko gaiak aztertzeko inspirazio-iturri bat aurkitu dute Li Bairengan. Li Bairen poesia forma artistiko ugaritan egokitu, berrinterpretatu eta omendu dute, poesiatik hasi eta musika eta arte bisualetaraino. Horren adibideak konbentzio tradizionalak haustera eta adierazpen benetakoagoa eta emozionalagoa bilatzera bultzatu ditu idazleak.

Li Bairen eragina ez da poesiara bakarrik mugatzen. Bere irudia askatasun artistikoaren eta edertasunaren bilaketaren sinbolo bihurtu da bere forma guztietan. Kultura askotan, sentsibilitateak eta sormenak kultura- eta hizkuntza-oztopoak nola gainditu ditzaketen erakusten duen adibidetzat hartzen da.

Gainera, mundu akademikoan eta kultur erakundeetan, Li Bai poesia modernoaren aitzindari gisa eta Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko zubi gisa aztertzen da. Bere eraginak literaturaren ikuspegi globalagoa eta pluralistagoa sustatzen lagundu du, non hainbat tradizio kulturalek panorama artistiko unibertsala aberasten duten.

Li Bairen poesiaren oihartzuna egungo literaturan

Li Bairen poesiak, bere estilo espontaneoarekin, naturarekiko maitasunarekin eta transzendentziaren bilaketarekin, arrasto sakona utzi du, oraindik ere literatura garaikidean senti daitekeena. Bere garaitik mendeak igaro diren arren, bere espiritu askeak eta sentsibilitate artistikoak mundu osoko idazle, poeta eta artistak inspiratzen jarraitzen dute.

Horretaz gain, poesia modernoan eta abestien letretan, eta tarteka antzerkian ere bai, sormen-askatasunari eta bat-batekotasunari heltzeko moduan eragina nabari daiteke. Egitura tradizionalak hausteko eta adierazpen pertsonal eta emozionalagoa bilatzeko joerak Li Bairen espiritua islatzen du, konbentzioen gainetik benetakotasuna baloratzen baitzuen.

Nazioarteko literaturan, introspekzioan, naturan eta transzendentziako gaiekin lan egiten duten autoreek, askotan Li Bairengan erreferentzia aurkitzen dute. Bere poemak hainbat hizkuntzatan itzuli eta berrinterpretatu dira, eta idazleak funtsezkoarekin eta emozionalarekin bat egiten duten adierazpide berriak aztertzera bideratu dira Li Bairen poemen bidez.

Laburbilduz, Li Bairen poesiaren oihartzunak agerikoak dira gaur egungo literaturan, egile askok emozio zintzoak transmititzeko, natura goraipatzeko eta askatasun sortzailea ospatzeko duten moduan. Bere ondareak bizirik dirau, belaunaldi berriak pasioz, sentiberatasunez eta benetakotasunez idaztera bultzatuz.