María Zambrano: poesia eta filosofia

Poeta, jatorri bila dabilen izokin hori

Aritz Gorrotxategi
Poeta

Fecha de publicación: 16/06/26

Adieraezina, kontaezina edo inefablea bezalako hitzak erabiltzen zituen María Zambranok poesiaz ari zenean. Gaiari buruz idatzi zuen saiakera iradokitzaileenetako batera hurbildu nahi nuke gaurkoan:  Filosofia y poesia. Filosofia eta poesia. Ezagutzen dugu haren biografia eta ibilbidea. 1904an Vélez-Málaga herrian jaioa. Ortega y Gasseten ikasle aurreratua eta garaiko sortzaile eta pentsalari askoren adiskidea. Are gehiago, Maríaren aita, Blas Zambrano, irakaslea zen, eta Segovian Antonio Machadorekin kointziditu zuen hango institutuan. Lagun handiak izan ziren, eta María alabak Machadoren ikuspegia zuzen-zuzenean eta gertutik ezagutzeko aukera izan zuen. Misio pedagogikoetan parte hartu zuen, eta parte-hartze oso aktiboa izan zuen garaiko bizimodu sozio-kulturalean. Gerra Zibilaren amaieran erbestera jo behar izan zuen, eta Portboun topo egin zuen Machadorekin. Hortik aurrera, bien bideak banandu egin ziren. Badakigu zer gertatu zitzaion Antoniori. Zambranok erbestealdi luze bati hasiera eman zion: Mexikon aurrena, Parisen, La Habanan edota Erroman hurrena. 1981ean Komunikazioko eta Giza Zientzietako Asturiasko Printzea saria jaso zuen. 1984an itzuli zen Espainiara, bertatik atera eta ia bost hamarkadara. 1988an Cervantes Saria eman zioten, eta sari hori jaso zuen lehen emakumea bihurtu zen. Handik hiru urtera hil zen Madrilen, 1991n. Badakigu zenbat landu eta estimatu zuen poesia, zenbat sakondu zuen hartan, “arrazoi poetikoa” kontzeptua asmatu eta garatzeraino. Ez lan bakarrean, hainbat lanetan baizik. Filosofía y poesía aipatu dut, baina hor daude ere Hacia ujn saber sobre el almako hainbat atal, El hombre y lo divino, Claros del bosque edota De la aurora. Hainbat mugarri ditu Zambranok, eta esango nuke pentsamenduaren alorrean laukote oso garrantzitsua osatzen duela Hanna Arendt, Edith Stein eta Simone Weilekin batera.

Ohar biografiko horien ostean, Filosofia eta poesia lanaren koordenadak xehatzen hasiko naiz. Baina mamiarekin sartu aurretik, beste zertzelada pare bat obrari berari buruz. Izan ere, 1939an eman zuen argitara Zambranok Filosofía y poesía saiakera. Garrantzitsuak dira data eta lekua. Gerra Zibilaren porrotaren ostean eta erbestera joan berritan kaleratu zuen Mexikon, nihilismoz eta gainbeheraz lanbrotutako epealdi batean. “Edertasun adierazkaitzeko udazken batean”, zehazten digu Zambranok berak hitzaurrean, baikortasun ukitu baten bila. Saiakeraren lehen atala Octavio Pazek zuzendutako Taller aldizkarian eman zuen argitara. 1937an Valentzian izandako idazle antifaxisten kongresuan eskatu zion testua Octavio Pazek Zambranori. Eta, berez, Malagan jaiotako pentsalariak aitortzen duen bezala, bi horiek elkartzeko ideia Antonio Machadoren nortasunaren eta obraren eraginetik sortu zen, Kierkegaard, Unamuno, Nietzsche eta San Juan de la Cruz ahaztu gabe.        

Izenburuak berak iradokitzen duenez, filosofiaren eta poesiaren arteko harremanez eta gorabeherez dihardu lan horretan, eta bien arteko hurbilketa zein urruntzeen une historiko nagusienak jorratzen ditu. Funtsean, amodio-desamodio istorio batez ari gara. Hasieran, poesia izan zen, eta honen ondotik etorri zen pentsamendua. Biek betidanik bilatu izan dute izatea sortzen duen hitza. Poesiak, sortzetik, asko zuen hizkera sakratutik. Ipuingintzan eta ahozko tradizioan formula sakratu edo konjuru magiko baten bidez irekitzen ziren ateak. Formula eta konjuru horiek hitz poetikoa zuten oinarrian. “Abra kadabra”, “Ireki, Sesamo”, edo Eraztunen jaunan Moriako mehatzetan sartzeko erabiltzen dutena: “Mellon” (“Hitz egin, lagun, eta sartu”). Azkeneko hau ez da kasualitatea, Tolkien filologo paregabea baitzen, eta poesiaren iturrietatik asko edan baitzuen.

Poesia bulkada bat izan zen zonalde ilunetatik argirantz, gauzak adierazteko ahalegin bat. Horregatik sortu zen filosofia baino lehenago, eta jaiotzen lagundu zion. Aldez aurretik poesiarik egon izan ez balitz, arrazoiak ezingo zukeen zabaldu bere hizkuntzaren argitasuna. Gizakiak eskuratu zuen lehen kontzientzia “kontzientzia poetikoa” izan zen. Hordialdi poetikoaren bulkada horrek helburu bat zuen: goragoko nortasun batera heltzea. Hasiera horretan elkarren eskutik zihoazen, beraz, poesia eta filosofia, baina azkar banandu ziren. Nolanahi ere, elkarren arteko lankidetza horretatik sortu zen filosofo presokratikoen edo pitagorikoen hats poetikoa. Heraklitoren iluntasun poetikoa, Parmenidesen poema filosofikoa edo Pitagorasen erritmoa eta musika (geroagokoak dira Lukrezioren De rerum natura edota Nietzscheren Honela mintzatu zen Zaratustra). María Zambranoren ustez, orduko horien hats poetikoa batez ere Spinozaren Etikaren gardentasun hautsezinean berpiztu zen mende asko geroago. Baina atzera egin dezagun hausturaren unera. Haustura horrek asko du kanporatze biblikotik. Eta izen bat du erdigunean: Platon. Jainkoen erara, Platonek poesia desterratu zuen pentsamenduaren mundutik. Baztertu eta madarikatu, neurri handi batean, baita legez kanpo utzi ere. Errepublika solasaldi ezagunean gauzatu zuen kanporatzea, baina aurrekari ezagun bat ere badago, Ion solasaldia. Bertan dio poeten jakinduria mailegatua dela, bigarren eskukoa, zeren poetek berek baitakite musa dela beren ahoetatik mintzo dena. Platon bere gurutzadarako prestatzen ari zen, baina Iliadako gerlarien brontzezko armak erabili ordez, hitz ongi zorroztuak apailatzen ari zen. Kontua ez zen poesia alboratzea edo baztertzea, epika edo lirikaren aurkako ezinikusiagatik, jakinduria sistema berri bat sortzea baizik, logosean oinarritua eta mitotik urrun; eta eginbehar horretan arerio arriskutsua zen poesia. Eta Platonek ondo baino hobeto zekien hori, poesiaz eta tragediaz elikatu baitzen gaztetan, eta metaforetarako esku ona baitzuen. Esatera ausartuko nintzateke Platonen gurutzadak asko duela konbertso baten jokamoldetik. Ondo ezagutzen zuen poesia, poesiaz blaitu delako gaztetatik eta sen poetiko handia zuelako. Baina atzean utzi nahi zuen poesia, eta hura atzean uzteko bide eraginkorrena hura suntsitzea eta haren izena belztea zen. Mitoek iraganera eta jainkoetara lotzen gaituzte. Eta Platonek jakintza berri eta buruaski bat garatu nahi zuen, bi horietatik aparte. “Taupaka neukan bihotza, harriturik eta sakabanaturik”, dio Machadok bere poemetako batean. Eta Platonek batasuna irrikatzen zuen, izatearen batasuna. Poesiak, ordea, musikaltasunean aurkitzen du batasun hori, musikaren eta erritmoaren matematikan. Filosofoak harrizko batasun hautsezina bilatzen du. Poetak badaki poema beti osatugabea eta hauskorra dela, eta hori onartzean datza bere apaltasuna. Espazio irekiz inguratuta dago poesia. Eta filosofoak zirrikiturik txikiena ere saihestu nahi du bere eraikuntzan. 

Atzera egin dezagun orduko Greziara. Jakintza mitoaren eta alde irrazionalaren bidez transmititzen zen. Sokrates hegemonia hori hausten saiatu zen bere metodo maieutikoaren bidez, baina garesti ordaindu zuen. Platon gogotik saiatu zen mitoaren aurka egiten. Errepublikan gizarte perfektuaren oinarriak jarri zituen, eta oinarri horiek bakar batean laburbil daitezke: justizia. Eta poesia, Platonen ustez, justiziaren aurkakoa izango litzateke, egiaren aurka doalako. Arrazoiaren ifrentzuan mitologia dago: iruzur lo-eragile bat, edo herriaren opioa, nahiago baduzue, kobazuloko harrizko horman islatzen den itzalaren itzala. Poesia, hortaz, ez litzateke soilik gezur bat, beste askoren artean, gezurraren erdigunea edo gorputza baizik. Arrazoiaren baitan ez dago lekurik iruzurrarentzat, arrazoia izatearekin bat baitator. Hemen, poeten defentsan, esango nuke poetek ere egia maite dutela, baina ez egia baztertzailea edo inperatiboa, gainerako guztiaren jabe bihurtzen den egia mota hori. Literatur kritikari askorentzat mitoa gezurraren edo faltsukeriaren sinonimoa da. Arestian aipatu dudan Tolkienentzat justu kontrakoa zen, eta mitoa zen egia transzendente batzuk era ulergarrian adierazteko modu bakarra. Chestertonek antzeko zerbait esan zuen maitagarrien ipuinei buruz. Hainbat literatur kritikarik haurren gauzatzat jotzen zuten literatura mota hori, maitagarrien ipuinak. Edo Chestertonek dio: “literatura mota guztien artean, maitagarrien ipuinek bizitzaren irudirik egiazkoena ematen dute (…). Ipuin horien atmosferak zerikusia du gauza arruntetan bizi den sorgindura ezkutuarekin: artoa, harriak, sagarrondoak edo sua”. Errealitate natural eta arruntetatik sortzen da lilura edo xarma moduko hori. “Arto musker,/mendi, baserri zaharrak;/ale gorriz/abailduta sagarrak”. Esango zukeen Lizardik. “Oro laino/mehe batek estalia,/urrez oro/eguzkiak jantzia…“. Mitoak, maitagarriak, poesia. Misteriotsuki lotuta hirurak. Iraganarekin, jatorriaren, poetaren sorlekuarekin, geroago ikusiko dugun bezala.

Hortaz, haustura une horretan gaude. Mitoa eta arrazoimena. Eta arrazoimena jaio zenean, esan behar da esperantzari eta etorkizunari ateak ireki zizkiola Platonek. Jainkoetatik askatzen hasi, eta bere nortasun propioa konkistatzeari ekin zion gizakiak. Indar bortitz batek bultzatzen zuen bilaketa horretan, sendotasunaren eta egiaren xerka. Dena den, hori horrela izanda ere, onartu behar da arrazoia ez zela orduko Grezia osora hedatu, eta lurralde askotan alde irrazionalak nagusi izaten jarraitu zuela, Eric Robertson Dodds filologoaren Greziarrak eta alde irrazionala saiakerak erakusten duen bezala. Gerora, kristautasunak (“herriak ulertzeko moduko platonismoa”, Nietzscheren ustez) suntsitu zuen alde irrazional horrekin lotutako paganismoa. Poetak, ordea, ez zuen arrazoimen konkistatu berria aldarrikatzen. Iragan tragiko eta malenkoniatsuaren ahotsa zen. Poesia hordialdiaren mende jarritako hitza da, arrazoimenari aurre egiten diona. Hordialdia eta kantua ditu ardatz. Nork kontsolatuko du poeta denboraren joanaz, nork limurtuko du arrosaren heriotza, arratsaren edertasun hauskorra onar ditzan, maitearen adatsen usainarekin mozkor ez dadin… Horri guztiari “itxura” deritzo filosofoak. Aparientzia. Hona helduta, Anakreonteren hitzak gogora dakartza Zambranok:

“Zertarako balio dute irakasten dizkidazun erretoreen arauak eta sofismak? Zertarako behar ditut ezertarako balio ez didaten hitz horiek guztiak? Erakutsi lehenik Bakoren likore gozoa edaten; erakutsi Venusekin hegan egiten, urrezko txirikordekin. Ile zurien koroa da nire burua. Emadazu ura, bota ardoa, gazte nerabe hori; lokar ezazu nire arrazoia. Aurki utziko diot bizitzeari, eta nire burua estaliko duzu belo batez. Hildakoek jada ez dute desiorik”.

Bidegurutze horretan, poesia uneari heltzen zaio, eta ez du onartzen arrazoimenak eskaintzen duen kontsolamendua. Poesiak mina eta sentimendua gordetzen ditu bere baitan, eta horregatik da gure zoritxarraren memoria bizia. Filosofoa, berriz, bere kabuz osatuko duen bidearen bila abiatzen da, hitza bereganatu nahi du, haren jabe bihurtu. Poetak leial eusten dio daukanari, eta hitzaren mirabea da. Poetak ez omen daki zer esaten duen, eta, hala ere, kontzientzia moduko bat garatzen du, poetak bakarrik berezkoa duen buru-argitasun moduko bat. Inkontzienteki, jatorriaren batasun sakratuaren bila dabil. Izokinak bezala. Poeta izokinen kastakoa da. Sorlekura egiten du senez, eta badaki zerbait heriotzaz gainerakoek ez dakitena. Poetak Ulisesen leinukoak dira, asmatzaileak eta itzulera zaleak: hilezkortasuna eskainita ere, nahiago dute sorlekura bueltatu. 

Labur esanda, filosofiaren eta poesiaren artean erabateko haustura izan zen. Hortik aurrera aldentzen hasi ziren, bakoitza bere bidea egiten. Jarraian ikusiko dugu hurbiltze faseak ere izan direla. Baina esan daiteke, une horretan arrazoimenaren paradisutik kanporatu zutela poesia. Nolanahi ere, hasieran esan dugun bezala, Platon konbertso moduko bat zen, eta poesiaz eta tragediaz elikatu zen gaztetan, eta poetaren sena isilarazi zuen bere baitan. Horregatik, akaso, Troiako zaldiaren antzera, ihesbide bat ireki zion bere sistema itxian poesiari, maitasunaren eskutik. Nahita baino gehiago, inkontzienteki, batez ere Oturuntza eta Fedon solasaldien bidez. Nola? Maitasun platonikoaren bidez hain justu. Kasu honetan, aurrez aurre agertzen zaizkigu desioa eta maitasuna. Desioan ez dago berez objekturik, ukitzen duen oro ahitzen du, jabetzan deuseztatzen dugu desiratzen dugun hori. Maitasunean, aldiz, bizirik irauten du objektuak, batasun eskuraezinez egina dago. Maitasun-jabetza arazo metafisiko bat da, eta, beraz, konponbiderik gabea. Bestela esanda, haragiaren sakabanatzetik jaiotako maitasunak ezagutzaren bidea jarraitzen du “ideien mundua”ri esker, eta maila intelektuala eskuratzen du. Platonen kasuan, maitasuna (Eros) arima sentipenezko mundutik Ideien Mundurantz igotzen duen bulkada motorra da. Ez da afektu erromantiko hutsa edo eskuraezina, edertasuna eta egia absolutua bilatzen dituen indar kognitibo eta espirituala baizik. Hortaz, maitasunari eskainitako salbazio horren harira, bizirik atera ahal izan zen poesia kristautasunaren kultura aszetikoaren barruan. Salbuespen batzuk kenduta, Erdi Aroko poesia gehiena platonikoa da. Hor ditugu mistikoak, Fray Luis de Leon, Santa Teresa Avilakoa, San Juan de la Cruz… Eta, nola ez, Danteren Komedia jainkotiarra, poesiaren, filosofiaren eta erlijioaren arteko uztarketa biribilena.

Bestela esanda, poesia ez zuten arrazoimenaren erresuman onartu, baina maitasunaren zirrikituari esker, berradiskidetuta bizi izan ziren biak denbora luzez. Eta horrela jarraituko zuten, akaso, amaieraraino, munduan indarrean legokeen filosofia bakarra Platonena izan balitz. Zambranoren ustez, hemen dator bigarren fase garrantzitsua, laburra baina oso bizia. Erromantizismoa. Poesiak eta filosofiak bat egin zuten hartan inoiz baino indar eta eldarnio handiagoarekin. Aspaldi banandutako maitaleen gisa elkartu ziren, grinatsu eta oldarka, une labur bat baino ez zutela jakitun: tximista batek irauten duena. Erromantikoek poesiaren eta filosofiaren absolutuaren ametsa konpartitzeaz gain, absolutuan bizi zirela uste zuten. Hemen kokatu behar ditugu Víctor Hugo, Byron, Shelley, Novalis, Hölderlin eta konpainia. Izen erraldoiak. Poesia eta pentsamendua letra larriz, jainko hauspoz, ekaitz moduko baten sabelean borrokan. Sentimentalismo uholdea, obsesioa heriotzarekin eta suizidioarekin, eskapismo erradikala edo makabrotasunarekiko joera. Hori guztia arrazoiaren kaiolatik ihes egiteko eta barne munduaren aberastasuna eta misterioa berreskuratzeko eta aldarrikatzeko. Ezagutzen dugu ondotik datorrena.   Ekaitzaren ostean datoz barea eta neurria. Edo, nahiago baduzue, zuzenketa. Jainkoengandik gertu bizi izandako sortzaile gazte erromantiko horien ondotik, beste gizaki bat dator, lurtarragoa, orekatuagoa. Erdibideko zerbait. Arrazoiak eta hordialdiak erabat itsutu gabekoa. Kontzientzia eta garbitze hitzak aipatzen ditu Zambranok hona helduta. Eta bi izen handi jartzen ditu mahai gainean: Baudelaire eta Kierkegaard. Baudelaire Víctor Hugoren ondorengoa izango litzateke; eta Kierkegaard, berriz, Schellingena.

Haiei esker, poetek poesiaren eta beren buruaren kontzientzia gero eta handiagoa hartu zuten. Eta, horrekin batera, hasi zen poesia eta filosofiaren arteko behin betiko urruntzea. Poeta, lehen aldiz, bere arteari buruz teorizatzen hasten da, bere inspirazioaz mintzo da, eta lanarekin lotzen du. “Inspirazioa egunero lantzen da” leloa da nagusi. Poeta ez dago jada eroaldiaren eta hordialdiaren mende. “Poeta faber”a jaio da. Eta poesia kontziente honen bilakaeran, poesia eta pentsamenduaren arteko urrunketa erabatekoena Paul Valéryren eskutik dator. Baudelaire eta Mallarmé “obra garbia”ren atzetik zebiltzan, eta Valéryk eman zion mami teorikoa. Horrela azaleratu zen “poesia garbia” kontzeptua. Pentsamendutik aske dagoen poesia. Poeta bere poesiaren bidez berresten da. Hortik aurrera, poesia egitearekin nahikoa du poetak bizitzeko. Alegia, poesia da giza esentziaren gauzatzerik garbiena. Poeta garbiak ez du jada filosofiaren beharrik. Poeta esna eta adi dago bere jatorrizko ametsaren eta eskatzen zaion argitasunaren bidegurutzean. Ez dago arrazoimenetik edo etikatik kanpo, bere etika propioa dauka, berak aurkitua, eta ez filosofoak. Poesiak zehaztasuna eta argitasuna behar ditu. Ametsaren lausotasunarekin konformatzea  burugabekeria da. Poetak jatorrizko ametsaren atzetik dagoen aurpegia ikusi nahi du, eta, horretarako, jakintza eta kontzientzia darabiltza, eta ez Musen xuxurla. Filosofoa aurrera begira bizi da, jatorritik aldentzen, pentsamenduaren bakardadean bere burua bilatzen eta gizakiengandik urruntzen. Poeta, aldiz, bere baitatik urruntzen doa jatorriarekiko maitasunagatik. Izokin eta amuarrainen gisa, jatorrira itzuli nahi du poetak, bere ustezko sorlekura, gure memoriak finkatu ezin duen leku horretara. Poetak bizirik sentitzen du leku hori bere baitan, eta bilaketa horretan, bere baitatik urrundu ostean, gu guztiok eta gutako bakoitza bilatzen du. Poetak ez du bere berezitasuna nahi, komunitatean hondoratzea baizik. Are gehiago, bere teorizazioan Valéryk poesia eta poema banandu zituen, filosofoak ideiekin egiten duen bezala. Poesia zerbait ideala da, esentzia eta batasuna aldi berean. Poematik irauten duena ez da mezu bat edo irakaskuntza bat, hizkuntzaren dardara hutsa baizik. Lengoaia arrunta objektu artistiko itxi bihurtzen da. Eta poesia definitzean, arazo bat sortu zuen Valéryk: pentsamenduaren antza eman dio, eta esentzia poetikoa aurkitzeko metodo poetiko bat sortu. Baina hori al da poesia? Eta hasierako definizioetara gatoz. Poesia eta pentsamendua paraleloki jartzeak ondorioztatzera eramaten gaitu poesiak bere buruarekiko leial izateari utzi diola. Zambranoren ustez, poesiak ezin du bere burua finkatu, ezin du bere burua definitu. Bere burua aurkitzen saiatzen bada, galdu egiten da. Platonek desterratu egin zuen poesia, eta Valéryk buruaskitasuna eman zion, justu Platonek arrazoimenarentzat bilatzen zuena.           

Eta hemen dator Zambranoren proposamena, urak bere onera ekartzeko, itsaso beretik sortutako poesia eta pentsamendua behin betiko adiskidetzeko. Hona helduta, Zambranok erdibide moduko bat proposatzen du “arrazoimen poetikoa” kontzeptuaren bidez. Aspaldi ohartarazi zigun Heraklitok aurkarien arteko talkatik sortzen dela harmoniarik ederrena. Arkua eta lira. “Arrazoimen poetikoa”, berez, Nietzschek eta Machadok sortu eta erabili zuten lehenago, baina Zambranok garatu eta gorputz filosofikoa eman zion. Zambranok filosofiaren eta poesiaren batasuna bilatzen zuen. Honela aitortzen dio, esaterako, Jorge Guillén poetari gutun batean: “Nik batasuna bilatu dut, bien sorburu ezkutua, horietako bakar bati ere ezin izan baitiot uko egin” Berez, arrazoimen poetikoak ez dio arrazoimenari uko egiten, eta, aldi berean, ez ditu baztertzen intuizioa, sinboloa, emozioa edo errebelazioa bezalako ezagutza-formak. Filosofia abstraktu huts baten aurrean, erabat kontzeptuen bidez esan ezin den horretara hurbiltzeko gai den pentsamendua proposatzen du. Filosofia eta poesia  hitzaren bi adierazpide mugatu dira gizakia bere osotasunean aurkitzeko.

Honela dio bere bilaketaren zergatia azaltzeko: “Pentsamendu filosofikoaren leku erabakigarriak bilatzeko proiektua izan dut, eta horietako gehienak errebelazio poetikoak zirela ohartu naiz. Eta poesiaren leku erabakigarriak bilatzean, filosofiarekin topo egiten nuen”.

Arrazoimen poetikoak gizakia bere barnetasunetik ulertzea bilatzen du: ametsa, sufrimendua, oroimena, maitasuna, erbestea edo itxaropena. Ez du errealitatea menderatu nahi, entzun baizik. Ildo horretan, Zambranok uste du poesia filosofia tradizionalak kanpoan uzten dituen egietara irits daitekeela. Poesiak ez du mundua modu sistematikoan azaltzen; agerian uzten du. Gizakia ez da soilik arrazionala. Bere buruaz jabetzeko, beste dimentsio batzuk arakatu behar ditu. Arrazoimen poetikoari esker, gizakiak bere existentzia ulertu ahal du ez soilik arrazoimen logikotik, bere buruarekin eta ingurunearekin duen lotura sakonago batetik baizik. Zalantzarik gabe, Zambranok bizi izandako testuinguru historikoa erabakigarria izan zen kontzeptu horren bilaketan. Kontuan izan behar da Espainiako Gerra Zibilak eta ondorengo erbesteak sakon markatu zutela bere pentsamendua. Hainbat hamarkadatan Espainiatik kanpo bizi izan zen — Mexikon, Kuban edo Italian —, eta deserrotzearen esperientzia horrek sufrimendu historikoari zentzua emateko gai zen hitz baten bilaketa indartu zuen. Bestalde, Claros del bosque saiakeran agerian geratzen den bezala, Zambranok garrantzi handia ematen dio dimentsio espiritualari edo arimari. Bere ustez, mendebaldeko arrazoimenak existentziaren funtsezko dimentsioak ahaztu ditu: sakratua, isiltasuna, misterioa. Poesiak aukera ematen du arrazoimenarekin erabat eduki ezin den horretara hurbiltzeko, eta denbora, heriotza, Jainkoa edo  nortasun pertsonala bezalako gaiak sakonago lantzeko eta aztertzeko.

Berak ez du bien arteko erabateko aurkakotasuna planteatzen, adiskidetzea baizik. Filosofiak poesia behar du hotz edo abstraktu ez bihurtzeko; poesiak nolabaiteko hausnarketa filosofikoa behar du emozio hutsean ez desegiteko. Alegia, arrazoimen poetikoa bi dimentsioak lotzen saiatzen da.

Honela dio, adibidez: “Arrazoimen hutsa monotonia hutsa da… Hitzaren indarrean murgildu beharra dago. Eta hitzaren indarra hobekien deszifratzen dutenak poetak dira, hitzaren asmatzaileak (poiesia). Ezagutzari laguntzen dion tresna ”.

Sakonago heltze horretan, biak berradiskidetu nahi horretan, ezin ahaztu San Juan de la Cruzen Noche oscura del alma poema duela abiapuntu. Arimaren gau ilun horretara atzera egin zuen Zambranok, bihotzaren arrazoien bila.  Hona hemen poema horretako pasarte esanguratsu bat:

En la noche dichosa,
en secreto, que nadie me veía,
ni yo miraba cosa,
sin otra luz y guía
sino la que en el corazón ardía.


Aquesta me guiaba
más cierto que la luz del mediodía
a donde me esperaba
quien yo bien me sabía,
en parte donde nadie parecía.

¡Oh noche, que guiaste!
¡Oh noche amable más que la alborada!
¡Oh noche que juntaste
Amado con amada
amada en el Amado transformada!

            Bihotzeko argia du gidari poetak. Eta Zambranoren ustez, poeta, maitasuna eta maitatua aldi berean elkartzen direnean, arrazoi poetikoaren puntu gorena lortzen da: erabateko bateratzearen une mistikoa. Egoera horretan, idazten duen subjektuaren, hura mugitzen duen indarraren eta bere desiraren objektuaren arteko mugak erabat desagertzen dira.  Pentsamendu arruntean eta filosofia tradizionalean beti dago bereizketa bat: subjektuak objektuari begiratzen dio. Zambranok, ordea, ekintza poetiko-mistiko gorenean metamorfosi bat gertatzen dela dio: poeta maitasun bihurtzen da. Sortzailea jada ez da maitasuna “sentitzen” duen norbait, hark eraldatutako norbait baizik. Bere egoa eta nortasuna kentzen ditu maitasun-substantzia huts bihurtzeko. Maitasunak zubi edo beste zerbaiten bitartekari izateari uzten dio. Maitasuna bera bihurtzen da benetako presentzia, azken patua eta bilatutako izakia. Maitatua poetarengan gorpuzten da. Poetak hainbeste irrikatzen zuen presentzia transzendentea bere baitan agertzen da. Bere buruaz hustean, maiteak bizi du poeta.

            Dena batera gertatzean, poetak erabateko berrintegrazioa esperimentatzen du. Giza bereizketaren sufrimendua (munduan jaio eta bakarrik egotearen trauma) hitz poetikoaren betiereko une horretan sendatzen da, non bilatzailea, bilatzen duena eta hura aurkitzeko bidea gauza bat eta bakarra diren.